XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Haiek ere zure oztekoak al ziren, gauezko asunak domekako ogi airisaren zuritan galtzen zitzaizkizunak oro?

- Bai, bai, haiek ere bai, tamalez - deskuidoz bai, zabarkeriaz, hobeto - Tamala!

Hara ze zintoak denaiek, hantxe Onazarok Indianoz ukatzen zien garia apezez ogi eskainiaren txerkan, menguaz, jateko baino aboro edoskitzeko, zure ugatzetako ditiz eroritako hortzen ezaz.

Halere Amabirjina zu zinenez, ezer gutxirako jazoko zirela lehenengotako bira soilak gero Onazaroren ahalegin guzti haien ahalgeagatik bikoiztuko bide ziren, binaka ematekoak, hirugarrenaren atarian, patua taxutuz sorginketaren muga mugan, baina bai bigarren itzulia hirukoiztu ere, geroago, jendearen grinaz (inolako jadespenik ezean, ziur aski, Sorginamaria ez izaki milarien lagun, eztare berena, nahiz gero kanpoan hozten sepa zitekeenagatik explikatu nahi izanen zuten, sineskaitz, jendeak sineskogor esestearen hisiz) eta uste (gura) bezala elizari birako hirugarren itzuliaren ondorengo laugarrena... ja, laugarren itzulia dantza, kalejira, elizara ordez Zakurripurdi osora hedatu zena, ihauteriei zain egon gabeko besta, atabala eta txirula behiala Izturizko lezean ahantzia ekarri nizunez geroz, Onazaro zorabiopean estu ezin etsirik eta noiznahi asalda zitekeenaz gaztigatuz, kridatuz, bere balineko kemena edo zemaituz bere alegizko ahalmena.